Alkatia eta pregonerua"

Erabiltzailearen aurpegia Ixidor Solupe 2013ko eka. 29a, 02:00

[Gure kolaboratzaile Ixidor Solupek bidali digu ipuin hau...

... eta egokia iruditu zaigu gutunen atalean sartzea. Bukaeran duzue egilea]

Lehenengo pasartea (I): Sonatua zan inguru guzian Mendiondoko alkatearen ostatua; bera zan herrikoetxe edo kontzejua, alondeia, ikastetxea, kartzela, ardantegia, bizartegia, gauza guziak saltzen ziran denda, eta Urteberri egunetik aurrera baita ere korreoko aministrazioa; hitz batean, gauza guzien tegia, edo gaurko eguneko erdalzaleak esango luketen bezela, zentralizazioa. Beragatik zan ere oso sonatua Mendiondoko alkatea, beste akatsik gabea, baizik erdalzaletxoa izatea; baino bat edo bat erdalzalea izatea ere ondo zan herrian, zer gerta ere.

Bigarren pasartea (II):

-Anton: orra orain enpleo ona; eta ikusiko degu nola portatzen zeran.

-Alkate jauna, egon bedi ardura gabe; nik ondratuko det beori nere enpleo berrian.

-Gaur pregonatu behar dezu nola nere etxean jarri degun buzoia.

-Zer da putz-ohia? Orain atera dan ohe berriren bat?

-Ez, gizona, ez: korreoko kartak botatzeko lekua; ara, begira ezazu gure atera.

-A! ondo da, jauna; eta nola nahi du? Erderaz ala euskeraz pregonatzia?

-Hobeko dezu bietara egitea, esamesarik izan ez dedin, zu eta ni baino beste erdaldunik ez badago ere herrian. Lehenengo egingo dezu erderaz bigarren euskeraz eta hirugarrenean nahi dezun bezela.

Hirugarren pasartea (III):

Badijoa pregoia jotzera. Pozik bera eta pozik herriko jente guzia, batez ere alkatea, gauza berri bezela, pregoia aditzeko. Pozaren pozaz ahaztu zitzaion Antoni laister, nekez ikasitako izen buzoiarena; baina horregatik etzan makaldu; bada arrada luzea atabalean jota, herri guzia inguratu zanean, deadar egin zuen:

-Abiso al plúuubiko. En la postdata (posada) de Siñor Alkalde está… está…karta-bujero.

-Ez; ez uan hori horrela, esan zuan alkateak, baino nahikoa dek lehenengorako.

Gainerakoak, nola erderarik etzekiten, han gelditu ziran aho zabalik, beste munduko gauzaren bat esan balu bezela. Anton berriz pabo-erriala baino arroago gelditu zan.

Aditu dezagun orain bigarren pregoia:

-Nere herritar maiteak: gaurtik aurrera korreoko kartak botako dituzute… alkate… jaunaren… zuloan.

Hemen jendeak barre askotxo egin zuen, eta alkatea berriz betozkodun jarri zan. Gainera alkatearen ondoan zegoan atso batek bota zion honi, pregoia aditzean, jaka-poltsiko edo sakelera eskutitz edo karta bat sillu ta guzikoa eta honek gehitu zituen jendearen barreak, baino baita ere alkatearen betozkoa.

-Baino zer gertatzen da? zioan Antonek bere buruari. Badakit, esan zuen; alkatearen etxeak bi ate ditu, bat aurrean Eliz-kalera begira, eta bestea atzean enparantza edo plaza-txikira begira, eta karta-zuloa atzeko atean dago; bai, atzekoan, atzekoan; etzat ahaztuko, ez; atzekoan, atzekoan eta beti aaatzekoooaaan.

Demontre!

Aditu dezagun orain azkeneko pregoia:

-Nere jendeak: gaurtik aurrera botako dituzute korreo-ko kartak… Alk…atearen… atzeko… zuloan.

Asi ziran txaloka guziak eta Antonek uste izan zuen lehen egindako okerra ondoegi ere zuzendu zuela. "Or, or! Ler egin arte" esaten zion bere buruari txalo-jotzaileakgatik. Gauzak honela esaten dira: argi eta garbi.

Laugarren pasartea (IV):

Agauste pavor con presentarse en mi delante en mañana domeka goiz en las diez, para dar algún sastipasion á mi ondra que está abajao en los tres prebones.

A Dios; guarduste muchos años=Mendiondo á uno de Enero de 1.000. 8 sientos 90 y siete=Alkalde=Simon Bapoeta=Siñor Don Anton Zorozkarro=Prebonero.

Bosgarren pasartea (V):

Bigaramonean han zeuden bildurik herriko zortzi gizon (juradua) eta alkatea, beren aurrez-aurre Anton, aulki batean jarrita, zutela.

-Anton: zergatik etzenduen esan buzoiaren izena pregoia jotzean? Ahaztu egin zitzaizun? 

-Ahaztu neri, alkate jauna? Ez, ez; baino buzoia esan banu, putz-ohia edo pozoia usteko zuen jendeak zala, eta orduan nora zijoan berorren ostatuaren pama?

-Arrazoi haundia du Antonek, erantzun zuen juraduak.

-Eta Anton…

-Zer nahi du, alkate jauna?

-Zergatik esan dezu, botatzeko kartak alkatearen zuloan?

-Ara, jauna: etxea bedorrena da; beragatik atea ere bai; eta alaxe da ere berorrena atearen zuloa, eta han botatzea, da berorren edo alkatearen zuloan botatzea.

-Arrazoia du Antonek, esan zuen berriz ere juraduak.

-Eta, Anton…

-Agindu beza, alkate jauna.

-Zergatik esan zenduen ba, kartak botatzeko alkatearen atzeko zuloan?

-Berorrek artarako libertadea eman ziralako.

-Nik? En el ombre del Padre!...

-Bai, jauna; esan zidan berorrek, lehenengo pregoia egiteko erderaz; bigarrena, euskeraz eta hirugarrena, neronek nahi nuen bezela. Alaxe bada nahi izan nuen.

-Arrazoi haundia baino haundiago du Antonek, esan zuen juraduak; eta hasi zan zurrumurru bat, hobe izango zala Anton alkate jartzea. Alkateak igarri zion, eta guziak beldurtzeko, zut-zutik jarrita, deadar egin zuen: "Abajo errebolusion!". Baino alperrik zan; zurrumurruak geroago ta indar gehiago artzen zuen, eta orduan artu zuen alkateak beste asmo bat. Ekarri zuen bera zegoen lekura zagi bat ardo, eta esan zuen: "Jaunak, egin dezagun abroka". Eta Antonek erantzun zuen: Egin dezagun abroka / Nahiz eta gero joan alboka / Edo bestela arrolka /Bazterrak hor-hemen joka.

Goiz alderaino iraun zuen batzar artako abrokak, eta egiaz alboka, arrolka bazterjoka, eta barrukoak botaka joan behar izan zuten beren etxeetara, bideetan seinale edo ezagungarriak utziaz.

Bigaramonean atsoak zer esan asko zebilten batzar honen gainean. Bazebiltzen ere ixilka-mixilka batak besteari esanez beste zerbait, baino inori ez esateko.

Laster jakin zan herri guztian. Batzarra egin zan gizategiko leioak idikitzera joan zanean neskamea, aurkitu zituen mahai-pean bi gizon: alkatea ta pregonaria.

[Pedro Miguel Urruzunok Euskalzale aldizkarian 1899ko urtarrilaren 12an argitaratutako ipuina]

---------------------

Ixidor Solupe

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak