Gironako Olot herrian 1982an sortutako kooperatiba honen helburu garbia bertako ospitale psikiatrikoko gaixoei birgizarteratzen laguntzea da lan eta soldata duina eskainiz. Zirikatze asmoz edo esan ohi dugu, kaleetan ospitale psikiatrikoetan baino gaixo gehiago daudela…
Oñatiko Lourdes Idoiagari egin dizkioten heriotz mehatxuak; etxegabetzeen erruz norbere buruaz beste egitearen drama; sakabanaketaren erruz espetxeratuen senideen samina eta abar, eta abar… ikuspegi honen aurrean, geratzen al da senik gure gizartean? Non zintzilikatu genituen gure giza baloreak? Baloreen krisia areagotzearekin batera gaixotasunaren sendagai direlakoan diskurtso populista eta totalitarioak gehituz doaz, baita gurean ere. Gure herriaren historian ordea “giza eskubide guztien, eskubide zibil-politikoen eta justizi-sozialaren” aldarrikapen eta defentsa izan dira gaixotasunaren kontrako sendabelar onenak. Indar ditzagun sendabelarrok gizartea sendatzeko, sendotzeko eta baketzeko.