Laurogei heldutik gora eta hogeita hamar bat haur elkartu ginen bazkaltzeko, Zigor barne. Jatordu goxo bat hasteko, giro alaian, eta jarraian, Bergarako talde ezberdinek eskainitako musika. Talde lasai eta ez hain lasaiak, guztion gusturako. Pintxo bat hemendik, edaria zein jai giroa bestetik, halaxe joan zitzaigun arratsaldea. Baina festa ez zen hemen amaitu. Gau luzea genuen aurretik. Bailarako DJ ezberdinak izan ziren bertako dantzaldi eta eromenaren erantzule. Eta, nola ez, goizera arte iraun zuen festak.
Zigorrekin eta bere familiarekin bat egin eta egun polit bat igarotzea zen helburuetako bat, baita ekonomikoki Zigorri laguntza ematea ere. Eta antolatzaileok oso pozik gaude lortutakoarekin. Baina nola ez, ez zen posible izango egun horretako parte-hartzaile bakoitzaren laguntza gabe. Beraz, etorri zineten eta lagundu zenuten guztioi, etorri ezin baina laguntza eskaini zenutenoi, kartel diseinatzaile, pintxo egile, musikari, barrako langile, sarrerako langile, DJ, gazte asanbladako kide, eta abarri, mila esker, bihotzez, antolatzaileen partetik eta, nola ez, baita Zigorren partetik ere. Mila esker posible egin zenuten guztioi.
----------
Irene Santamaria Azkarate
'Zigorrekin eta familiakoekin bat egiteko' jaialdiko antolatzaileak
Bergara