Bi mila eta hogei

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Sanchez 2020ko urriaren 17a

Aurten denborak erritmo benetan berezia hartu du. Bizkor igarotzen ari dela diote batzuek, demaseko poliki besteek.

Modu batean zein bestean dela ere, aurrera egiten du, eta gogoz kontra bada ere, berarekin garamatza gu.

Denborak pintzel ikusezin bat du eskura itsatsia: gure gorputza den lienzoan aztarnak uzten dihardu, etengabean. Munduko pintura politena izango da, seguruenik, baita bat-batekoena ere. Gure kontrolpetik ihes egiten dute zertzeladok, arrastoak arbitrarioki ezarriz azalera osoan zehar.

Aurtengo denborak tinta indartsuago bat erabili du gugan marrazteko: azalean ez ezik, erraiak ere grabatu dizkigu, burdin goriz. Sakonean egin ditu artelanik bitxienak. Irauteko sortu dituen markak dira, betirako gurekin geratuko direnak.

Eta onartzea besterik ez; denboraren eskutik arrastaka joateko ez ezik, hura heldu eta bidelagun bihurtzeko.