Orain dela bost urte oparitu zidaten nire lehenengo hilekorako kopa, eta ordutik nire lagun onenetarikoa izan da. Momentu hartan, aldiz, inguruan gutxik edo inork ez zuen erabiltzen, nahiz eta gutxinaka hedatuz joan den tresna bat izan den, zorionez. Kuriosoena zera da, gauza berritzat jotzen bada ere koparen patentea 1937koa dela, urte hartan merkaturatu baitzuen Leona W. Chalmersek. Hedatu egin dela nioen, eta ez soilik gazteon artean, hilekoak irauten duen azken egunera arte erabili baitaiteke.
Duela urtebete, ospitalizazio planta batean lanean nengoela, sorpresaz harrapatu ninduen hilekoak. Ez neraman uniformearen praka urdin zoragarri haiek babesteko ezer, eta, beraz, lankideengana jo behar izan nuen laguntza eske. Hiru aldiz galdetu, eta hiruretan erantzun bera jaso nuen: "Sentitzen dut, baina nik kopa erabiltzen dut". Eta prakak zikindu nituen, baina sinetsi gutxienekoa izan zela, ezin izan nuelako goiz guztian harrotasun irribarrea aurpegitik ezabatu.