Azokak, ikastetxeetan askotariko ekintzak, hitzaldiak, aurkezpenak eta bestelako ekintzak izan ditugu hilabete osoan. Herriko elkarteek eta Udalak gogorarazi digute askotariko herria garela. Errealitatea ikusi egiten da, kalera irteten garenean, erosketak egiten ditugunean edota medikuarenera goazenean. Mosaikoa geroz eta zabalagoa da, baina ez digute hori erakutsi gura. Horren erakusle garbia da emakume bat eskaileretatik erortzean autobus gidariak esandakoa: "Betiko eskailerak dira".
Bai, urte luzez ez da aintzat hartu aniztasuna, eta, beraz, pertsona guztien ezaugarriak kontuan hartu barik ekoitzi izan da guztia. Hori dela eta, hilabete horrek gogorarazten digu badaudela pertsonak eskailerak jaisteko arazoekin, karteletan dagoen informazioa irakurtzeko zailtasunekin, gure jaietako zaratak jasateko arazoekin edo leku estuetatik pasatzeko zailtasunekin. Espazio berean bizi gara guztiok, eta, beraz, espazio horrek guztiondako izan behar du.