Dena azkar aldatzen ari den honetan, erresilientziarako gaitasuna dugun arren, badaude egokitze hori baldintzatzen duten faktoreak. Horregatik, gizarte modura, kontziente izan behar dugu gutako guztiok ez garela gai guztiz egokitzeko beharrezko laguntza barik. Hain zuzen, zeregin hori gure instituzioena da, gure gobernuena; edozelan ere, herritar gisa, enpatia garatu behar dugu, guztiondako baldintza justu eta berberak aldarrikatu ahal izateko. Hor hartzen dugu protagonismoa pertsona gisa, arduratsuak izanez eta kolektiboan pentsatuz.
Egunerokotasunean, irisgarria ez den herri batean dabil aulki gurpildunean dagoena; pertsona gorrak ez ditugu aintzat hartzen; herrira heldu berri direnak bakarrik daude, bizi izan zuten errealitatearekin zerikusirik ez duen errealitate batean. Eta errealitatea beste modu batera ulertzen dutenentzat, mundua ez dago prest. Guztiok ez dugu karta berberekin jokatzen; are gehiago, jokatzeko kartarik ere ez dute batzuek.