... abortuaren lege erreforma proposatuko zuela. Baina honen aurrean ezin gara ez isilik, ez geldirik egon!
PPren lege erreforma honen bidez abortatzea debekatuko digute. Egungo legeari esker 14 astetaraino libreki abortatzeko eskubidea deuseztatuko da eta 2 baldintzatan soilik abortatu ahal izango da: bortxakeria kasuan, 12 astera arte, eta emakumearen osasuna arrisku larrian dagoenean, 22 astera arte. Hori horrela, umekiak malformazioak izatea ere ez da abortatzeko baldintza izango. 2 baldintza hauen kasuan ere abortatu ahal izateko jarraitu beharreko irizpide medikoak zorroztuko dituzte, gainera, eta aholkularitza behartu: guztira 3 medikuren onarpena jaso beharko du emakumeak. Ez al gara gure gorputzarekin eta bizitzarekin egin nahi duguna erabakitzeko gai?
Abortatzeko eskubidearen kontrako eraso larria iruditzen zaigu lege erreforma hau, ez baitigu gure gorputzaren gainean erabakitzen uzten. Haurra izan edo abortatuko duen erabakitzeko eskubidea oso-osorik emakumearena da eta ez politikari, epaile edo inongo gotzainena.
Gauza jakina da, gainera, eskubide honen debekuak ez duela abortuekin bukatuko. Abortatzen jarraituko dugu, baina modu klandestinoan, honek dakartzan ondorio larriekin: baliabide ekonomiko handiak dituztenek soilik abortatu ahal izango dute, beste herrialde batera joanez; baliabiderik ez dutenek, ordea, euren bizitza eta osasuna arriskuan jarriko dute abortu klandestinoetara joz.
Emakumeok emakume sentitu eta izateko ez dugu amatasunaren beharrik eta erreforma honekin, azken finean, horretara soilik mugatzen gaituzte, hori baita Espainiako eskuin muturreko kontserbadore faxisten ustez gizarte honetan dugun papera. Esan beharra dago Alderdi Popularra urteetako emakumeon borroka etengabeari esker lortutako guztia deuseztatzeko gai ez litzatekeela izango Eliza katolikoaren babesik gabe. Abortatzeko eskubidea ideologia patriarkal kontserbatzaileak kendu nahi digu.
Neurriz kanpoko erreforma honek gizarte osoari eragiten digu eta honen aurrean ezin gara geldirik egon. Denok mobilizazioetan parte hartzera animatu behar gara. Orain, inoiz baino ozenago, entzun gaitzatela: gure gorputza, gure bizitza, gure erabakia!
----------
Irati Garai
(Oñatiko sare feministaren izenean)
Oñati