Frantseseko irakasleak falta ditugula eta, derrigorrezko esleipen bat egin zait. Behobia-Oñati pertsonalean nabil aurrera eta atzera, zein lehenago agortuko, nire pazientzia edo dieselaren dirulaguntzak.
Bertantxe izan nuen hezkuntzako nire lehen lanpostua, duela urte batzuk. Polita da jada zu ez zaren zu-arekin topo egitea; aspaldiko lankideen berri izatea eta erretiratutakoei inbidiazko mezutxo bat bidaltzea; espazio-denboraren mugekin jolasean egitea.
Kuriosoa da konturatzea gertaerak batzuen buruetatik nola lurruntzen diren eta nola kerratzen diren besteen barruetan. Damuz hartu nau orduko titularra izandakoak kateatu zitzaigun nahas-mahas administratibo batengatik, ez duela inoiz ahaztu. Nik, ordea, ondo artxibatua nuen kasua. Besarkada baten erredentzioa elkarbanatu eta kotxe maratoi honek, behintzat, zerbait ona ekarri duela sentitu. Eguraldi txarrari aurpegi ona edo, esaten da; ea euria laster datorren, ba.