Bigarren Mundu Gerrarekin lotzen dugu, sarri, inguratzen gaituen egoera, baina badu lehenarekin ahaidetasunik ere. Herrialde hegemonikoak hortxe dabiltza, berriro, baliabide aberatsak dituztenak bereganatzen eta partitzen; hau hitako, hau nitako, hau hitako, hau nitako. Ukabiltxoren lapurrek egin ohi zuten eran.
Alabaina, badirudi kapitalismoa ez dela ohartu bere indarra pixkanaka itzaltzen ari dela, XVI. mendean egutegi juliotarretik gregorianora pasa zirenean aldaketaz konturatu ez zirenak bezalaxe. Garai hartan, burla egiten zieten, gezurrezko arrainak ematen zizkieten: poisson d'avril! Bada, nik ere ohitura hori neureganatu eta, gaurko egunean, poisson d’avril bat egingo diot kapitalismoari. Patxadaz hartuko dut eguna, produktibitateari mingaina aterako diot. Siesta on bat ekintza politikoa delako. Bizitza erdigunean jartzea erresistentzia modua delako.