Lanpostu bikainak eskuratuko genituen denok, bi etxebizitza, oporraldiak nahi beste. Nahi genuen guztia edukiko genuela esan ziguten, sistemak ezarritako mugen barnean, noski.
Gaur, ordea, kostata begiratzen diet berriei. Eskuin indarren gorakada, kaosa ustiatzen duten mundu liderrak, gerrak ate-joka. Eta lortu dute, iruditeria kolektiboa gorriz tindatu dute. Baina lasai, gu seguru gaude gure irla blindatua den kontinente zaharrean.
Ez dakit beldurrei men egin eta gerrarako kit bat erosi behar dudan; ez dakit entzungor egin eta murruen gerizpean aske bizi behar dudan. Badakit elkarlaguntza sareetan datzala indarra; badakit bidegabekerien aurrean ez dugula isilik geratu behar. Europaren egun zoriontsua izan dezazuela denok.