Loreek egin dute eztanda, zein baino zein ederragoa den erakusteko norgehiagokari tinko eutsiaz. Maite ditut udaberriak. Usain gozoz betetzen da airea, eguzki izpiz apaintzen da eguna, esnatzen da neguan lo zetzan gogoa.
Aurten, baina, etxetik ikusi behar izan dut festa. Leihoek eskaini dizkidate tableau vivant-ak eta ekarri dizkidate naturaren laztanak. Gutxien espero dugunean gertatzen diren istripu horietako batek belauna ezgai utzi dit. Eskerrak eman nahi dizkiet nire zaintzan aritu diren familiari, lagunei eta Osakidetzako profesionalei. Asebete dituzue nire osasuna eta bizipoza.
Alabaina, Osakidetzako langileak lanez lepo ikusi ditut, guztiongana iritsi nahi, baina baliabiderik eduki ez. Zaintza sistema publiko irmo baten oinarrian dago, besteak beste, osasun zerbitzu publikoa. Erabil dezagun esnatu berri den gogoa horren alde borroka egiteko, guztiona baita eta guztiontzako.