52 bergarar torturatuak

Erabiltzailearen aurpegia Ibai Redondo 2017ko ots. 19a, 00:00

Torturaren aurkako eguna pasa berri da, baina torturatuak izan diren euskal herritarrek ez dute instituzioen aldetik ez errekonozimendu ezta erreparaziorik ere jaso.

Euskal Memoriak eta Eusko Jaurlaritzak egin berri dituzten ikerketetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan gertatutako 5.567 tortura kasu egiaztatu dituzte. Kasu gehienetan Guardia Zibila eta Polizia Nazionala izan ziren torturatzaileak; 407 kasutan, berriz, Ertzaintza.

Asko poztu ginen Eusko Jaurlaritzak Paco Etxeberrirarekin batera egindako informeak torturen errealitatea begi bistara ateratzeko egindako ekarpenagatik. EITB, Euskadi Irratia eta Radio Euskadi bezalako komunikabide publikoetan torturatuen testigantza gogorrak entzuten hasi ginen, bazen garaia! 

Uste genuen, behin pauso hau emanda, Eusko Jaurlaritzak eta EAJk, gutxienez, Ertzaintza euskal herritarrak torturatzeko erabili zutela onartzea. Azken hilabeteotan, ordea, kezkatuta geunden Urkullu lehendakaria behin baino gehiagotan torturen gaia zuritzen saiatzen ari zela ikusirik. 

Horregatik mobilizatu gara milaka herritar aste honetan, hilaren 13an Torturaren Aurkako Eguna izanik, torturatu guztientzat aitortza eta erreparazioa eskatzeko. Gustatuko litzaiguke Espainiako Estatuak, Gobernuak eta Guardia Zibilak edo Polizia Nazionalak aitortza hori egitea, baina estatu faxista honengandik ez dugu horrelakorik espero. EAJren eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik, ordea, bai, behin eta berriz eskatzen diote ETAri eta Ezker Abertzaleari egindako mina onartzeko edo autokritika egiteko. 

ETAk eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboak zein Ezker Abertzale osoak egindako mina aitortu dugu behin baino gehiagotan, sortutako kaltea erreparatzeko gure prestutasuna adierazi dugu aitzakiarik gabe. Gauza bera eskatzen diegu gainerako alderdi eta instituzioei, ez gehiago, ezta gutxiago ere. Gauzak horrela, zoru etiko eta giza eskubideez leziorik ez dugu onartzen beraiek sortutako mina aitortzeko eta erreparatzeko prest ez dauden estatuengandik, ezta EAJrengandik ere. 

Zentzu honetan, erabat salatzen ditugu Estefania Beltran de Herediak torturak ukatuz aste honetan egin dituen deklarazioak, honekin lortzen den bakarra oraindik aitortu ez dituzten biktimak gehiago mintzea delako. 

Bukatzeko, besarkada sentikor bat bidaltzen diegu azken hamarkadetan polizien esku torturak jasan dituzten herritar guztiei eta, bereziki, 52 bergararrei!

----------

Ibai Redondo

Bergarako Sortu

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak