Tribunal de Orden Publikoaren letreroa aldatu eta Audiencia Nacional deitzen da orain; Francoren biboteak beste gizon txiki batzuen aurpegian agertu dira; Francorekin aberastu zirenek orain Ibex-35a osatzen dute; arlo judizialean, militarrean, ekonomikoan, komunikatiboan eta politikoan diktaduran buru zirenek orain demokrazian ere agintzen jarraitzen dute. 1936an disidentzia errepublikanoari ondasunak lapurtu zizkiotenek Ezker Abertzaleari ondasunak lapurtuko dizkiote. Estatu espainiarrean lehen eta orain agintzen dutenak enbor bereko ezpalak direlako, txanponetan aurpegi bat edo beste agertu, txanpon beraren bi aurpegiak.
Ezker Abertzalea, atzo bezala gaur ere, Espainiaren Batasunarekin eta Kapitalismoarekin apurtu eta Euskal Herri aske, gorri, berde, more eta euskalduna eraikitzen ari da eta larrutik ordainarazten digute. Gure ideia independentista eta sozialistak zigortzen dituzte, arriskutsuak direlako boterean daudenentzat. Badirudi ez direla konturatu lore bat moztuta edo 107 Arrano ehizatuta ere, Euskal Herrian beste milaka proiektu ernatzen ari direla. Gaur egun, zorionez orain 40 urte ez bezala, Ezker Abertzalea ez dago bakarrik erregimena eraitsi eta herri burujabea eraikitzeko. Fronte zabala eratzen ari gara, eta, Nafarroan ikusten ari garen bezala, kalean eta instituzioetan fronte popularra jaio da berriz ere. Arranoak, Fenix hegaztiak bezalakoak direlako, errautsetatik indar berriz jaiotzen dira. Hori da Ezker Abertzalearen erronka, herritarren begien bistara lapurtutako herriko taberna, elkarte eta lokalen errautsetatik proiektu berri, herrikoi eta ilusio sortzaileak eraikitzea. Jasotzen ari garen elkartasuna bihotzez eskertzeaz gain, herri bezala gabioten erasoaldiari erantzun eta proiektu berriak eraikitzea lortuko dugu. Bitartean elkartasun besarkada estu bat bidali nahi diegu beraien bizi bidea jokoan duten Bergarako Arranoko langileei eta Artatse elkarteko bazkideei. Zuen duintasuna eta lanerako gaitasuna guretzako eredu direlako, animo eta aurrera!
----------
Ibai Redondo
(Debagoieneko Sorturen koordinatzailea)
Bergara