Argazki desenfokatuak enfokatuz

Erabiltzailearen aurpegia Ibai Redondo 2015ko mar. 13a, 08:33

Milaka haur pobrezia egoera larrian; gazteen %50 baino gehiago langabezian; 130.000 herritar iraupen luzeko langabezian.

Lan baldintzen kaxkartzea eta soldata prekarioak; emakumeek gizonek baino %33 gutxiago irabazten dute; lurraren okupazioa eta ingurumenaren kutsadura maila altuak;… Txina? Peru? Grezia? Ez. Euskal Herria da. Hori da desenfokatu nahi duten argazki soziala. 

Badago alternatibarik? Inor badago alternatibak lantzen? Bai, noski. Dozenaka eragile sozialek eta milaka herritarrek parte hartu dute auzolanean Eskubide Sozialen Kartaren eraikuntzan. Krisi sistemikoa gainditzeko alternatiba erreala osatu dute. Pertsona, eragile, alderdi politiko edota instituzio gisa enbidoa bota digute Kartaren egileek: eskubide sozial guztiak bermatzeko hamaika egiteko ditugula eta larunbatean Bilboko kaleak jendez betetzeko.

Asko dugu egiteko eta oztopo handiak ditu justizia sozialak Euskal Herrian: banketxe eta multinazionalak; haien zerbitzura lan egiten duten instituzioak; Adegi bezalako patronalak eta estatu espainolaren eta frantsesaren inposizioak. Munduko herritarrak botere ekonomikoen menpe bizi gara; euskaldunak, gainera, estatuek ere zapaltzen gaituzte, ezin ditugu arlo ekonomiko eta sozialean gure erabakiak hartu. Baina haiek baino askoz gehiago gara justizia sozialarekin irabazten ateratzen garen herritarrak, bakoitza berean eta denok batera ekiteko garaia da, botere ekonomiko eta estatuen aurrean burujabetza eta eskubide sozialak lortu behar ditugu.

EH Bildu ere borroka horretan ari da buru-belarri, hanka bat instituzioetan –proiektu eraldatzaileak parte hartze bidez garatuz– eta beste bat kalean –herri mugimenduekin mobilizatuz–. Kalean lortzen ez duguna instituzioetan lortzea ezinezkoa delako, kalean mobilizatu eta borroka egitea ezinbestekoa da.

Larunbatean Bilbon izango gara, Euskal Bidea justizia sozialerako bidea ere badelako. Guztia erabaki nahi dugu Euskal Estatua eraiki eta guztia aldatzeko. Mundua aldatzen, gure buruetatik, gure etxetik, gure herritik hasi behar dugu.

----------

Ibai Redondo

(Debagoieneko EH Bildu)

Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak