Telesforo Monzonen hitzei jarraituz Maltzagarainoko bidea, erabakitzeko eskubiderainoko bidea, herri honek elkarrekin egin behar duelako. Zentzuzkoa, demokratikoa eta naturala delako etorkizuna erabakitzea eta bidea elkarrekin egitea. Herritarrek hartu dute Telesforo eta beste hainbaten testigua, Maltzagara oinez hasi dira, ilusioz, adorez, dantzaz, kantuz, bidean lagun berriak batuz, ziur herri bezala jokatzen badugu Maltzagara helduko garela. Zorionak!
Sortuk argi dauka, Maltzagarainoko bidean, denok bide eta norabide berean joan behar dugula eta guztiontzako dagoela lekua, ezker eta eskuin, euskaldun, abertzale, españolista edo frantziazale. Gu, bide horretan, ezkerreko errailetik joango gara, erabakitzeko eskubidea bezala, herri honen gehiengoaren beharrak defendatzeko, krisiak kaltetu dituen herritarren eskubide sozialak, laboralak eta ekonomikoak defendatuz. Eta Maltzagara heltzean zer? Egun zoriontsua izango da, demokraziaren eguna, herritarron ordua… erabakia bat edo beste izan. Gure proiektua argi eta garbia da, euskal estatu independentea, euskal errepublika. Herri langilearen zerbitzura egongo dena, demokratikoa, euskalduna eta feminista; herritarrak bezala, ingurumena zainduko duena, munduko herri zapaldu zein herritarrekin elkartasunean jardungo duena. Kantak dioen bezala, jende zoriontsua nahi dugulako, pertsona libreak, herri eta mundu libre batean. Bagoaz!
----------
Ibai Redondo
(Debagoieneko Sorturen koordinatzailea)
Debagoiena