Inkisizioaren hamaika aurpegi

Erabiltzailearen aurpegia Ibai Redondo 2014ko api. 6a, 00:00

"Herria da gorputza, hizkuntza bihotza". Mikel Laboak ez zuen arrazoirik falta, horregatik estatuek herria erasotzeko euskara erasotzen dute eta, gainera, gure gorputzen gainean ere erabaki nahi dute.

Azkenaldian hamaika eraso etorri dira Madril aldetik, Torquemada berriak, inkisizioaren jarraitzaileak dira Urkijo, Gallardon, Wert eta konpainia: Espainiako banderaren inposaketa, abortuaren legea, hezkuntza erreforma, lan erreforma, pentsioen erreforma, udaletako euskara planen aurkakoa. Erasoen aurrean kalean erantzun eta gurea eraikitzen saiatzen ari gara. Ez dago batere gaizki. Horrela egin dugu Espainiako banderaren inposaketaren eta abortuaren legearen aurka; lan eta pentsioen erreformaren aurrean; LOMCErekin; udaletako euskara planen judizializazioaren harira; etab. Abestiak dioen bezala, Ezaren gudaz baietza sortuz, ikasleak, langileak, langabeak, pentsionistak, emakumeak... Baina nahikoa al da ezetza eta mobilizazioarekin? Mobilizazio iraunkorra eta masiboa ezinbestekoa da eskubideak lortzeko, baina, horrekin batera nahi dugun hori eraikitzen joan behar da egunero, kaletik, ikastetxeetatik, lantokietatik eta instituzioetatik euskal herri feminista, euskalduna, gure hezkuntza sistema, gorria eta berdea. Eta nahikoa al da erasoaldi honen aurrean?

Gure ustez, ezinbestekoa da erantzuna eta eraikuntza, baina beste urrats bat emateko garaia da, Madrilen inposaketaren aurrean planto egin eta desobedientzia egiteko garaia iritsi da. Desobedientzia eraginkorra izan dadin masiboa eta herri babes zabalarekin egin beharra dago, ongi antolatu beharra dago. Desobedientzia zibilak ondorioak dituelako, ondo ezagutzen ditugunak: isunak, errepresioa, epaiketak, kartzela... eta garaipenak, intsumisioa edo Garoñarena bezalakoak. Eta desobedientzia, mobilizazioa eta nazio eraikuntza nahikoa al dira inposaketak gelditu eta nahi dugun herria eraikitzeko? Sorturen ustez, ezinbestekoak dira aurrera egiteko, baina euskal herritarrok gure estatua behar dugu inork kanpotik ezer ez inposatzeko, eta gurea, akats eta guzti eraikitzeko. Guk aldarrikatzen dugun euskal estatua herritarren estatua izango da, eskubide ekonomiko, sozial, politiko eta kulturalak bermatuko dituena. Zalantzarik gabe, aurrera goaz, giroa berotzen ari da, indarrak metatzen eta herri babesa antolatzen. Catalunyarrek, Eskoziarrek, Quebektarrek edo Maputxeek bezala, "mundu berri bat nahi dugu, herri bakoitzak beretik emanez". Asteburu honetan aukera bikaina dugu erasoei erantzun eta euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeko Gasteizen; aukera berbera eta ez arrazoi gutxiago Iruñera joan eta abortuaren legeari ezetz esateko. Euskal Herriko kaleetan elkar ikusiko dugu.

----------

Ibai Redondo 

(Debagoieneko Sortu)

Debagoiena

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak