Duela lau urte, maisu berria etorri zen eta klase gehienak frontoian ematen hasi zen. Askotan, frontoiko zati txiki bat besterik ez zuen erabiltzen –gimnasioa nahikoa zen–, eta frontoiko jolasekin zerikusirik ez zuten jarduerak egiteko –armiarma jolasa, patinak…–. Eguraldi ona aprobetxatuz, kanpoko kantxa ere erabil zezakeen. Kexa jarri genuen Udalean, eta esan ziguten ordenantzetan jartzen zuela eskolak zuela lehentasuna. Idatziz ez zen inon agertzen, eta bilera askoren ostean adostu zen astean bi egunez frontoia herritarren erabilera librerako izango zela. Eskatu genuen, baita ere, erabilera libreko orduetan argia eskatuz gero argia bakarrik ordaintzea, ez erreserba osoa, baina ez zen onartu.
Pandemia egoeragatik frontoia itxita egon da. Gerora, zabalik baina erabilera baldintza berriekin. Hala, nahiz eta ordu libreetan eta argi barik, ordaindu egin behar zen. Ordainduta, antza, birusa ez da sartzen. Esan ziguten erreserbak egitea zela kontrolatzeko modu bakarra, eta, azkenean, erreserba egitea erabaki genuen, asteazkenetarako, 15:00etatik 16:00etara.
Zabalik da frontoia berriz. Maskarekin jokatu behar da, eta ordainduta, noski, baina erreserba konfirmatzera joan garenean sorpresaz jakin dugu eskolak duela lehentasuna, eta gerta dakigukeela jolastera joan eta okupatuta aurkitzea. Ez dakigu non dagoen jasota eskolak duela lehentasuna asteko egun guztietan.
Talde bat osatzea eta ordu bat adostea zaila da. Eskolak ezin du egutegi bat egin? Bestetik, itxiera perimetrala egonda ere kanpoko jendearen erreserbak onartzen jarraituko da?
Pena da herriak halako frontoi ederra edukita erabiltzaile ezberdinei zerbitzu egokia ez ematea. Badakit askorendako hau tontakeria bat dela, baina niretako ez. Talde txikia garenez, ez zaio garrantzirik ematen.
Ez dakit intentzioa zein den, baina badirudi ez dela nahi frontoia erabiltzea.
----------
Iratxe Bravo
Elgeta