Goiena: 25 urteko ibilbidea

Goienan ikusi zaitut…

Erabiltzailearen aurpegia Irati Iciar Madinabeitia 2025eko abenduaren 3a

Zorionak Goiena eta goienatarroi!

Ospatzeko unea da, eta badaukagu zer ospatu, bai horixe. Tauparengandik oso gertuko egitasmoa da Goiena, duda barik. 1996an Topagunea sortu zenean, euskara elkarteak biltzeaz gain, euskarazko herri aldizkarien bilgunea ere sortu baitzen, eta horregatik, gaur artekoa elkarrekin egin dugun bidea izan dela esan dezakegu. Euskaltzaleen mugimendua eta tokiko-komunikabideena genetikoki lotuta daudela irudikatu dezakegu, euskara elkarteek argi ikusi baitzuten komunikazioa ezinbestekoa izango zela euskaltzaleengana iristeko eta euskararen biziberritzean eragiteko. Komunikazio hori gertukoa izango zen, euskara hutsean, askotariko gaiak landu eta egunerokoaren berri emango zuena, herria eta herritarra bera protagonista izango zituena. Neuri eta geuri zuzentzen den komunikazioa: komunitatea erdigunean jarri eta euskararen alde lan egiteko tresna eraginkorragorik?

Arrasate Press-ek abiatu zuen mugimendu honek argi zituen bere oinarriak, baita bere anbizio eta bisioa ere: kalitatezkoa izango zen eta masiboa, idatzizkotik hasi baina telebista, irratia, Internet... bide guztiak jorratuko zituena bere helburuak lortzeko; hau da, euskararen biziberritzean ekarpena egin, komunitatea saretu eta indartu eta eskualdeko komunikazioan liderrak izan. Bidean, Goienak elementu bat gehitu zion ekuazioari: batera egingo dugu, batera hobeak eta eraginkorragoak baikara. Eta horixe praktikara eraman du baita Euskal Herri mailan ere, Tokikomen eraketan eta bultzadan ezinbesteko eragilea izan baita.

Euskarak jauzia behar duela esaten dugunean, tokiko komunikabideak giltzarri izango direla esan gabe doa. Nola transmititu euskararen aldeko mugimenduaren kontzientzia eta indarra, tokiko altabozen bidez baino hobeto? Goiena eredu eta eskola izan da eta gaurdaino ekarri duen oinarri soziala eta profesionaltasuna oinarri izanda, eta etorkizunean ere hala izango dela ziur gaude. XXI. mendearen erronkei eusteko enbor sendoak izanda, Goienari ibilbide oparoa opa diogu. Datorrena ere elkarrekin egingo dugu.

Goienak eskualdeko biztanleengan duen sustraitzea ilustratzeko, neure bizipen bat: ezaguna da familia debagoiendarra daukadala, eta Goiena gure etxeko daukagula esango dizuet. Familiako kide bat Goienan agertzen den aldiro, berria moztu eta albumean itsasten duen izeba bat badaukagu. Elkarrekin gaudenean, pozik erakusten digu albuma, "Goienan ikusi zaitut…" esanez. Eta ez al da komunikabide batek jaso dezakeen aitortza handienetakoa herritarren familiako albumean egotea?

----------

Irati Iciar Madinabeitia

Taupa Euskaltzaleen Mugimenduko presidentea

Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak