34 urtez

34 urteren ondoren sakabanaketa amaitu egingo dela jakin berri dugu, azken bost euskal presoen Euskal Herriratzearekin.

1989an sortutako eta mendekuan eta gorrotoan oinarritutako espetxe-politika hiltzaile, ilegal eta kriminalaren bukaerara iritsi omen gara.

Urteetan eskubide-urraketak etengabeak izan dira, gure senide presoentzat eta etxean ginenontzat. Ezin ditugu ahaztu sakabanaketaren ondorioz hil diren hamasei senide eta lagunak. Sakabanaketak ahalbidetu zuen osasun-asistentzia txarra, eta hark hainbat presoren heriotza ekarri zuen; eta ikasteko eskubidearen debekua. Ezin dugu ahaztu espetxeetan ehunka kilometrotara izan arren jasotzen zuten elkartasun eta maitasun uholdeak mozteko asmoz nola sortu zituzten bisitetarako lagunen hamarreko zerrendak eta sumario berriak asmatu zituztela beraien kaleratzeak ekiditeko asmoz, doktrina madarikatu baten izenean espetxean urteak oparituz. Askok kalean beharko lukete hirugarren graduarekin, eta, horren ordez, berriz espetxera bidaltzen ari dira. 

Itzelezko kostu ekonomikoa ekarri digu sakabanaketak senideei eta lagunei, gure bizitza baldintzatzeraino. Ate guztiak jo ditugu espetxeetako egoeraren berri emateko asmoz. Ez dira batere errazak izan 34 urte hauek, baina duintasunez eta maitasunez bizi izan ditugu. Horren adibide ditugu egindako harremanak espetxeetarako autobusetan, furgonetetan, senideen bileretan… Zenbat irribarre konplize, malko eta besarkada bero! Gogoratze hutsarekin harrotasunez eta emozioz betetzen nauten pasarteak, bizipenak... Anekdotak dirudite orain!

Apirilaren 2an, gure herritar Unai Parotek 33 urte beteko ditu espetxean; espetxe-politika anker horren eredu garbia dugu. Unaik kalean beharko luke egon legea, beraien legea, aplikatuz gero. Horregatik, egun horretan arratsaldeko zazpietan Seber Altuben hasiko den manifestaldian elkartuko gara.

Berri pozgarria da, baina badago oraindik bidea egiteko. Etxean faltan ditugu senide asko oraindik ere, espetxean edo erbestean jarraitzen dutelako, eta jada gurekin nahi ditugu. Urte hauetan guztietan bidelagun izan zaituztegun denoi eskerrak eta besarkadarik beroena!

----------

Irati Aranzabal Zuloaga

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak