Beraz, ez noa gaixotasunaz eta berak eragindako heriotzaz, doluaz, telelanaz, krisiaz… hitz egitera, baizik eta egoera berriak zabaltzen dizkigun aukerak aprobetxatuz ariketatxo bat proposatzera. Azkar eta argi esanda, datorrenerako norbanako bakoitza ze konpromiso hartzeko prest dagoen hausnarketatxoa sustatu nahi dut.
Ez dut eragin globala izango duen konpromiso bat hartzerik eskatzen, egon badaudelako, eta ugari, baizik eta lokalaz, herri mailakoaz, eta herriko arlo ezberdinekin lotu litekeen konpromisoaz ari natzaizu. Ariketa sinplea da, betetze maila norbanako posibilitatearekin lotuta dagoena. Beraz, har ezazu boligrafoa eta orri zuri bat. Zerrendatu bertan herriaren onerako zer egiteko prest zauden. Zerrenda horretatik, ondoren, lehentasunak adierazi eta aukeratu bat, eta, hemendik ateratzen garenean, ekin! Kontua ekitea da. Egin. Egiten duguna gara. Eta egite edo ekite horretan lekua hartzea. Nork daki; agian, bidean topo egingo dugu. Zaindu.