... eta denok galdetzen dugu zerk bultzatu duen hainbeste herritar Bildu bezalako koalizioari botoa ematera. Antzuolako kasuan, hipotesiak ugariak izan daitezke: Sortu legeztatu ez izana, bakegintzari bultzada bat ematea, talde erakargarria aurkeztea… edo herri-programa atsegina izatea. Aurreko hipotesiak erantzuteko jendearekin egon behar denez, dagoeneko esku artean dudan froga fisikoari helduko diot, hipotesitako bati erantzuna eman asmoz; hau da, hauteskundetarako partidu desberdinek aurkeztutako herri programak aztertuz.
Hala, ezker abertzaleak aurreko legealdietan aurkeztutakoena baino apalagoa iruditu zait oraingoa, herri programa baino egun bizi dugun egoera berri honen inguruarekin lotuta dago gehiago, herri-ereduari buruz aipamen generikoak eginez. EAJrena, ahula, azalekoa, eta oinarrizko printzipio batzuk soilik adieraziz. Eta PSErena, ostera, zuzena, egunerokotasunean eta ekintzetan oinarrituz.
Beraz, azterketa sinple honetatik ze ondorio atera dezakegu? Agian herri-programari esker irabazi dituela hauteskundeak Bilduk? Kontua da, nire ustez, Antzuolaren etorkizun laburrerako benetako herri-eredu programarik ez dugula oraindik, nahiz eta norbaitek esan lezakeen bezala, bakegintzan oinarritutako herrigintza ez ote den nahiko. Eta agian hasteko, ez dago gaizki. Zorionak Bilduri, eta jaixak eta oporrak ondo pasatu herritar denok!