Pildain, seguruenik, Zumarragan jaio zen, 1787ko abenduaren 10ean –Jose Meyer idazleak Goiburu baserrian kokatzen du–. Gazte zelarik, Napoleonen inbasioa bizi izan zuen. Artzaina zen, eta, frantsesek artaldeko arkumerik onenak sarri konfiskatzen zizkiotenez, haserre, matxino bihurtu omen zen.
Gerrillari hastapenak
1808an, 21 urte zituela, Ferminek ikusi zuen ostiralero igarotzen zela Paristik zetorren frantses diligentzia Deskarga mendatetik, maleta diplomatikoarekin kuartel nagusirako bidean, lau arkabuzarik zainduta.
Pildainek artzain-gerrillari kuadrilla bat inprobisatu zuen hura erasotzearren, baina lehen ahaleginean –eskoltek ikaraturik– huts egin zuten.
Tematia izanik, beste eraso-plan bat aztertu zuen. Hurrengo ostiralean, diligentzia Deskargara iritsi eta Etxola izeneko parajean ibilgailua eraso zion taldeak, eta eskolta militarra ustekabean hartu zuen. Borroka latzean, soldadu bat hil eta beste batzuk zauritu zituzten.
Pildainek kutxa gutiziatua zabaldu eta espero gabekoa aurkitu zuen: dokumentuak, eta ez soldaduen soldata-dirua. Egun batzuen ondoren, Pildainek Iruñeko erregeordeari jakinaraztea erabaki zuen. Erdaraz ez zekienez, artzain eta gerrilla-kide lagun gazte baten interprete laguntza eskatu zuen: Gaspar Jauregi urretxuarra, Iñaki Linazasororen arabera.
Iruñean, bi artzainak gela ofizialetan sartu ziren. Gertatutakoa azaldu eta kutxa entregatu zuten. Gobernariek edukia gogoz irakurri zuten: frantsesek gure lurraldean egin beharreko plangintza zekarren. Erregeordeak, halako ausardia izan zuen gerrillariaz interesaturik, bi artzainei galdetu zien:
— ¿Quién de ustedes ha hecho esta hazaña?
Jauregik galdera euskaratu zion Pildaini. Pildainek, arazoak saihestearren, hala erantzun zion lagunari:
— Esan zak hi izan haizela.
Sari gisa, Gaspar Jauregi -Artzaia- ofizial mailara igo zuten, eta Pildain, eskudirutan sari baten zain, xentimorik gabe geratu.
Pildainek, atsedenik gabe, frantsesen aurkako gerrillan jarraitu zuen. Hala, Pildaini buruz esaten da bere behorra alderantziz ferratzera iritsi zela, etsaiari oinatzak nahasteko.
Jauregi koronel mailara iritsi zen eta Zumalakarregik idazten irakatsi zion. Lehen Karlistaldian liberalen alde egin eta Zumalakarregiren aurka borrokatu zen. Arabako komandante jeneral gisa hil zen. Pildainen itzultzailea izan ote zen?
Kalebarrenen Napoleon hiltzeko zain
1808an, Napoleon Bonapartek Debagoiena zeharkatu zuen. Espainia eta haren gobernua bereganatuak zituen, anaia Jose estatuburu jarrita. Hainbat matxinada izan zirenez, egoera kontrolatzera Espainiaratu zen.
Azaroaren 2an, Madrilerako bidean iritsi zen Napoleon Zumarragara. Udalak ohiturazko ezpata-dantza egin zion, 30 dantzarirekin. Egoera nahasian, frantsesen kontrako giroa zegoen. Hala, arrazoi pisuzkorik gabe dantzara joaten ez zen dantzariari 8 errealeko isuna jarriko ziola mehatxatu zuen Udalak.
Napoleon akabatu gura zutenen artean Fermin Pildain zegoen. Urretxu eta Zumarraga arteko Zubimusu zubitik 150 metrora leiho batean jarri zen enperadoreari tiro egiteko; baina ez zuen egin, eskolta handia zeramalako eta ezin izango zuelako ihes egin.
Eta Pildainek diana egin izan balu? Zubimusu historia liburu guztietan agertuko zen. Antxon Agirre Sorondok zioenez, Europak ez zukeen Frantziako Inperio Handia ezagutuko, eta kontinentean jurisprudentzia ezarri zuen Napoleonen Kode Zibilik gabe, ideia iraultzaileak ez ziren azkar hedatuko. Gurea bestelako mundua zatekeen.
Fermin Pildainen heriotza
1812ko otsailaren 12ko goizean, Pildain artaldea zaintzen ari zen Bergarako Bonbulu aldean. Bat-batean, Frantziako lotune bat ikusi zuen Urretxurantz, mugarako bidean zaldian lauhazka. Berehala behorra hartu, eta lasterbidez frantsesa aurreratu zuen. Deskarga hasierako Olamendi baserri inguruan mezularia paretik pasatzean eraso egin zion, zorigaiztoz frantsesaren arkabuzari tiro bat ihes egin, Pildain bete-betean jo zuela. Berehala hil zen.
Antzuolarrek, heroi gisa, Antiguako baseliza barnean, ate aurrean ehortzi zuten, harzolan eginiko biribil baten azpian. 24 urte zituen.
Haren hilobia 1970era arte izan zen Antigua ermitan, orduan lurra berritu baitzuten, eta Pildainen gorpuzkiak erretiratu. Oraindik bertako amamek oroimenean dute. Eta, agian, orain, antzuolar askok jakingo dute zergatik antzina ermitako serorak, ofizioen amaieran, "Pater Noster bat Pildainen alde" eskatzen zuen.
