Ni neu, urtetan aurrea noala, konturatzen ari naiz badatozela belaunaldi berriak, beste era batean pentsatu, egin edota ekiteko asmoak edo joerak dituztenak, eta, horrenbestez, norberak borroka dezente egin duen horren inguruan deseraikitzeko intentzioa ere badagoela gizartean.
Herriko hainbat arlotan antzematen den fenomenoa dela iruditzen zait. Hala eta guztiz ere, hartu beharreko bidea delikatua delarik, kontua da deseraikitze –eta eraikitze– prozesuan ekiteko bidelagun aproposak behar direla, gerora diseinatu nahi dugun hori inplementaziora eraman nahi bada.
Aldaketa garaian egonda, eta herrigintzak lurra hartzeko egun duen zailtasuna antzemanda, ezinbestean beharrezkoa ikusten dut belaunaldien arteko elkarrekintza; izan ere, erronkaz beteriko garai honetan, aurretik izandako jendearen eskarmentua gehigarri bat delakoan nago.