Elgetar bat eraman digu COVID-19ak. Herri txikiok berezko dugun gertutasunetik, besarkada bat familiari, behar duzuenerako prest gauzkazue.
Luze doa konfinamendua, eta are luzeago izango dela dirudi. Baina, zalantza barik, higienearekin eta behar beste egiten ez diren testekin batera, birusaren hedapen azkarra murrizteko modu eraginkorra da. Ondo ari gara betetzen, oro har, Elgetan, baina ezin gara lasaitu, ezin dugu etsi; eutsi!
Udal Gobernuan hasi gara 2020ko aurrekontuan COVID-19ak izango duen eragina aztertzen. Foru Funtsetik espero baino gutxiago jasoko dugu, baita zenbait udal tasa eta zergetatik ere. Horrek hainbat proiektu ezin gauzatzea ekarriko du, eta horiengatik espero genituen dirulaguntzak ere ez jasotzea.
Aurrekontua, gutxi gorabehera, 250.000 euro murriztea ekarriko du honek, %14. 2019ko aurrekontuan, ordea, 100.000 euro pasatxoko gerakina izatea espero dugu, eta horrek egoera pixka bat hobetuko du.
Hemendik aurrera lehentasunak markatu beharko ditugu, eta dagoenarekin aurre egin, gogotsu. Krisialdi honek bereziki kolpatu dituenen ondoan egon beharko lirateke erakundeak, eta herri bezala aurre egin, kohesionatuta, gizarte justu eta orekatuago baterako bidean.
Eragindako kalte honi guztiari denok batera egin behar diogu aurre, eta datorkigunerako prestatu. Bakoitzak beretik, apurka-apurka asko egin dezakegu!
Gogoratu, ez irten etxetik ezinbestekoa ez bada, garbitu ondo eta sarri eskuak, inguruko pertsonekiko tartea utzi eta zentzuz jokatu! Laguntza behar izanez gero, deitu: 943 76 80 22 edo 634 43 84 58.