Ez da suizidioa, sendagaia da

Erabiltzailearen aurpegia Iraitz Lazkano 2020ko api. 3a, 06:30

Hirugarren astea betetzear konfinamenduan, etxean. Hirugarren astea bestelako bizimodu batekin, arraro. Aste honek izan du, ordea, aldaketarik. Behar-beharrezkoak ez diren jarduera ekonomikoak itxi egin behar izan dira. Berandu.

Herritarrok argi dugu pandemiaren aurrean neurririk eraginkorrena konfinamendua dela, eta ulergaitza zen konfinamendua ezinbestekoa ez den lanpostu batera egunero joanez gero.

Funtsezkoak ez diren jarduerak gelditzea ez da medikuak errezetatutako suizidioa. Ez horixe. Egoera larrian dagoenari errezetatutako sendagaia da. Sendagaia gogorra izan liteke, gorputzari kalte egin diezaioke, baina ezinbestekoa da. Egingo dugu aurrera! Kontuan izan behar dugu, gainera, bi aste lehenagotik daudela itxita hainbat negozio; txikiak gehienak: autonomoak, komertzioak, tabernak... Isilik, ulerkor, fakturatu gabe ere kuotak ordaintzera behartuta. Astean jakin dut etxez etxe ogia saltzeagatik isuna jaso duela baserritar batek. Beste batzuk, ordea, ez ixtearren elikadurarekin zerikusia dutela edozelan justifikatu nahian. Bi erritmo, oraingoan ere.

Udaletxean ere soilik nahitaezko lanetan dihardugu. Etxetik jarduteko aukera dutenak hala ari dira. Arreta ordutegia betikoa da, baina telefonoz, posta elektronikoz edo bestelako bide telematikoen bitartez; zuzeneko arretarik ez da egongo.

Udal zergak kobratzeko epeak luzatu egin ditugu. Orain likidatutako obra-zerga eta balio gehikuntzaren zergen ordainketa muga uztailaren 30era atzeratu dugu. Ibilgailuen zerga ekainaren erdialdetik aurrera eta ondasun higiezinena abuztu-irailean. Kirol eta hezkuntza zerbitzuekin lotutako tasak bertan behera utzi ditugu alarmak dirauen bitartean, eta urteko abonamendua eginda zutenei itzuli egingo diegu zati proportzionala.

Bizitza eta herritarrak erdigunean jarrita, orain arte egin dugun bezala, zaindu gaitezen eta zaindu ditzagun ingurukoak!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak