Esfortzua da, baina bizitzak merezi du

Erabiltzailearen aurpegia Iraitz Lazkano 2020ko mar. 27a, 06:00

Bigarren astea betetzear, etxean. Ez da egoera erraza, ez horixe.

Esfortzu itzela da eskatzen dena, baina merezi du. Bizitzak merezi du. Birus honen aurka ahulenak diren taldeak babestea merezi du.

Horren jakitun, txukun ari gara elgetarrok esandakoa betetzen. Beharrezko jardunetik aparte, hutsik daude kaleak, eta denda eta azokako postura ilaretan bi metroko aholkatutako tartea betetzen dugu. Udal zerbitzuak itxita daude, baita bulegoak ere. Ekitaldi ugari gelditu da bertan behera; atzeratu behar izan dugun azkena apirilaren 26rako iragarri genuen gerrako haurren omenaldia izan da.

Udaletik ari gara indartzen kaleen eta eraikinen garbiketa. Jende gehien dabilen inguruak desinfektatzen ditugu, baita barandak, farolak eta semaforoak ere. Hondakinak biltzeko edukiontziak ere ihinztagailuekin desinfektatu ditugu. Udal eraikinak sakon garbitu ditugu eta bertako materiala desinfektatzen ari gara.

Bi erritmo ditu, ordea, gizarteak; baita Elgetak ere. Kaleak hutsik daude, eta halako krisialdi baten ezinbestekoak ez diren lantegiak beteta. Asteburuan etxean sartuta egon ondoren, astelehenean ezinbestekoa ez den lanpostura joan behar izateak ardura sortzen digu askori, birusa zabaltzeko autobide izan daiteke eta.

Halako egoera larri baten aurrean, guztion artean aurrera egitea nahitaezkoa da. Ohitura aldaketa erraz batzuekin, zentzuz jokatuta, asko egin dezakegu: eskuak sarri garbitu, beste pertsonekiko distantzia utzi, dendetan bezerorik badago ez sartu, ilarak kanpoan egin...

Eta edozer behar izanez gero, laguntza behar izanez gero, ez egin zalantzarik eta deitu udaletxera: 943 76 80 22 edo 634 43 84 58 telefono zenbakietara, hain zuzen ere.

Esfortzu handia da, baina bizitzak merezi du!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak