Emakumeen gogoetak

Erabiltzailearen aurpegia Isi Pozo Sanchez 2015ko urt. 17a, 00:00

Gure gogoetak partekatu nahi ditugu; Emakume Txokoan mikromatxismoei buruzko ikastaro batean sortutako gogoetak, hain zuzen ere.

Honatx zer diren mikromatxismoak: iruzkinak, jarrerak, txisteak, intsinuazioak, eskatu gabeko iritziak, izen ona galaraztea, eskakizunak, gehiegikeriak, paternalismoak… egunero-egunero bizi ditugunak, eta jakizue horiekin ez garela eroso sentitzen eta, gainera, horien helburu ezkutua dela gizona emakumearen gainetik egotea, mendekotasun harremana izatea.

Zenbatetan sentitzen gara txarto jakin barik oso ondo zer gertatzen zaigun? Gutxietsita sentitzen gara, autoestimu oso baxuarekin, familia eta etxea zaintzeko dugun gaitasunaz abusatzen dute. Lan eta soldata diskriminazioa dago gure lanetan. Kasu askotan, uko egiten diogu amatasunari, gure posizioa, estatusa galtzearen beldur, bai eta gure lanpostua galtzearen beldur ere. Zalantzan jartzen dute gure iritzia, gaitasuna, sinesgarritasuna. Barregarri uzten dute gauzak sentitu eta adierazteko dugun modua.

Zer-nolako pena! Izan ere, gauzak adierazteko dugun moduaren atzean ahalmen ezkutu asko dago: zirrarak, senak, asaldatzea, ezinegona, zuzentasuna ulertzeko modua, aldatzeko eta eboluzionatzeko gogoa.

Gauzak zalantzan jartzen dituzten emakume horientzat dira gogoeta hauek. Ikasteko eta hobetzeko gogoa duten emakumeak. Emakume ausartak, borrokalariak, haien buruan eta gaitasunetan sinesten dutenak, haien beldurrei eta mugei aurre egiteko prest daudenak.

Orain arte "agindu" digutena baino gehiago egin nahi dugu, ez gara oso onak "gainerakoak zaintzen" bakarrik, hori baino gehiago gara. Egunero-egunero erakusten dugu, praktikan, askoz ere urrunago joan gaitezkeela.

Eta gizon horientzat guztientzat, gauza batzuetan gurekin alderatuta hain ezberdinak, gauzak zalantzan jartzeko eta beren burua zalantzan jartzeko prest dauden gizonak. Hainbat pribilegiori uko egiteko prest dauden gizonak, gurekin batera kontzientzia egoera handiagoa lortzeko, bai eta bikote harreman zuzenagoak ere, berdintasunezkoak, orekatuak eta osagarriak, elkar hobeto ezagutzen, elkar onartzen eta elkarrekin gozatzen laguntzeko.

Batu ditzagun gure indarrak, gaitz patriarkal honi aurre egin eta gure harremanak ez suntsitzeko. Borrokatu dezagun elkarrekin hauek guztiak aldatzeko, lehendik jarrita dauden eta zaharkituta gelditu diren gauzak eta maila pertsonalean, bikotean, lanean, gizartean… min handia egiten diguten gauza horiek; aldatu dezagun, denon onerako izango da eta.

Ikastaroaren bidez eguneroko mikromatxismo horietako batzuk identifikatzen eta ikusten hasi gara, eta jakin dakigu horiei aurre egiteko eta horiek desaktibatzeko gauza garela; aldaketa handi baten hasieran gaude: 

Erantzi ditzagun betaurreko patriarkalok, geure barruan duguna benetan ikusteko! 

Edo jarri ditzagun berdintasunaren betaurrekoak!

----------

Isi Pozo Sanchez

(Emakume Txokoko 'Mikromatxismoak' ikastaroko emakumeen izenean)

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak