Iritsi dira urteroko erritualak. Iritsi da hainbat erabaki hartzeko garaia –jada hartuta ez badaude–.
Opor garaia izaten da nire inguruko gehienentzat, eta hor dabiltza... erabakitzen mendi aldera joan, hondartzetara edo hiri eta herrietan geratu.
Orri zuri hau idazten ari naizela, onartu behar dut ehuneko ehunean ez ditudala erabakita egingo ditudan guztiak, baina nire udako koadroaren ideia orokor bat badaukat buruan.
Ez dut askorik bidaiatuko eta mendi-hondartza-hiri/herri hiruko horretan mugituko naiz. Opor egunez disfrutatzeaz aparte, lan pixka bat egitea ere tokatuko zait.
Baina urtean zehar eramandako erreboluzioak jaisten saiatuko naizela argi daukat. Deskantsatzen saiatu, bai fisikoki eta baita mentalki ere. Bizitzaz disfrutatzen saiatzen gara ikasturtean zehar, baina, ahal bada, ahalik eta zukurik handiena aterako diogu garai honi, gustuko ditugun gauzak eginez.
Atsedenaz gain, festa pixka bat ere bai. Musika kontzerturen batera joango gara edozein herriko jaixetan.
Plan asko egiteko, eta batzuk egin gabe geratuko direnak, baina garrantzitsuena: norberak hartutako erabakien ondorio izan beharrekoak. Uda on, irakurle!