Apirilean idatzi ditut hitz hauek. Askorako eman du urteko lehen hiruhilekoak. Baina saiatuko naiz zentratzen azken egun hauetan bizi izandakoan.
Urte asko dira jaio nintzen Oñatin bizi ez naizenetik, baina Goiena bezalako komunikabide bati eta teknologia berriei esker bailara gertutik jarraitu eta sentitzen dut.
Aste Santuko eta Pazko Asteko oporrak baliatuz, Sevillaraino joan nintzen, Athleticen Kopako finala ikustera –han eraiki zuten Athletic Hirian–. Goiena kontaktuan jarri zen nirekin eta eskatu zidaten hango testigantzaren bat bidaltzeko. Eta, noski, plazera izan zen han bizitakoak, nolabait, helarazi izana komunikabide honi.
Horrek bultzatu ninduen ikertzera debagoiendarrak nola bizitzen ari ziren neu bizitzen ari nintzen ekitaldi bera. Adibidez, horrela jakin nuen nire herriko taberna batean partidua zuzenean jarraitu behar zutela.
Aurretikoa eta ondorengoa. Guztiok dugu dagoeneko emaitzaren berri eta askok partidaren analisia eginda dute. Orain, bilbotarrei liga amaierako helburua ixtea falta zaie, eta ez dute erraza izango Txapeldunen Ligarako sailkatzea, baina bidea zoriontsuago egingo dutela ez dago zalantzarik.
Zaila da bizitakoa hitzekin deskribatzea. Argazkiek eta bideoek nahiko islatzen dute, nolabait, han bizitakoa.
Apirilaren 6a izugarria izan zen Bizkaian eta Sevillan, gabarra 40 urte igaro eta gero atera dute, askok sekulako pisua kendu dute motxilatik eta belaunaldi askok dagoeneko ikusi dute beraien talde kuttuna kopa bat altxatzen.
Goienak primeran islatu zuen apirilaren 6ko aste bukaera hura debagoiendar athleticzaleen irudiekin eta bideoekin. Eta, beste behin, ehunka kilometrotara nuena gertu sentitzeko aukera izan nuen, nahiz eta dagoeneko ia bi hamarkada daramatzadan herritik kanpo.