Gehiago nahi dugu

Erabiltzailearen aurpegia Iban Perez Hernandez 2022ko eka. 3a, 00:00

Pasa da maiatza eta horrekin batera txirrindulari-zaleontzat denboraldiko lehen itzuli handia: Italiako Giroa.

Beti ematen dute hiru asteko itzuliek zeresana: aurretik, bitartean eta ostean. Oraingoan, gurean, hiru etapa horietan nabarmen hitz egin dugu Budapesten hasi zen lehiaketaz, bertan genituen lau euskaldunen artean zeresana eman behar zutelako bik: Pello Bilbaok eta landismo-aren ikur nagusi den Mikel Landa Meanak.

Azken hau beti izan da, balego eta balitz munduak balioko balu, haren palmaresean itzuli handi batzuk izango zituena… Baina, momentuz, orain arte bi aldiz podiuma zapaltzeaz konformatu beharko du.

Eta gizakiaren ezaugarri den nahi infinitu hori elikatu digu Murgiako txirrindulariak. Haren erara, baina eman dizkie zaleei disfrutatzeko momentuak. Hala ere, irteerako parte-hartzea ikusita puntu bat gehiago eskatzen zitzaion lehiari begira.

Baina zaleak jakitun ziren askorik ere ezin zitzaiola eskatu –hiru asteko itzulia ezbehar larririk gabe amaitzea eta, ahal izango balitz, lehen hamarren edo bosten artean egotea–, baina etapak erre ahala ez zitzaion ohiko zorigaitzik gertatzen eta zaleek azken aste bukaeran ikusi zuten Mikel aukerekin itzuli handia irabazteko.

Hor eskatzen zitzaion afizioa sofatik altxaraziko zuen akzioa egitea eta maglia arrosaren bila joatea: bizikletari azpiko heldulekutik heldu eta erasoa jotzea.

Baina, azkenean, bi txirrindulari izan ditu aurretik sailkapen nagusian. Hori bai, orain, berriz eskatzen zaio hurrengo itzuli handian sailkapen nagusiaren lehian egotea.

Bitartean, txirrindulari-zaleok hurrengo itzuli handiari eskatzen diogu ez dadila izan siesta ederrak egiteko aitzakia. Bai, ikusi ditugu sekulako paisaiak, Budapesten hasi zelako eta Italiako Veronako Arenan amaitu, eta, bitartean, joan ziren Etnara, Dolomitetara eta Alpeetara, baina kirol lehiari dagokionez… gehiago nahi dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak