Ez zait gustatzen urtero jasan behar dugun aldaketa hau; badakit, gero udan berriro aldatuko dute ordua, eta, orduan, beranduago ilunduko du; baina, hala ere, hori kontuan izanda ere, ez zait gustatzen oraingo aldaketa.
Gainera, egun batetik bestera ezberdintasunak izugarriak dira. Egia da ordubete lehenago iluntzen duela, baina ordubete denbora luzea izan daiteke, 3.600 segundo bakarrik diren arren.
Denbora ondo aprobetxatuz gero, denok dakigu gauza asko egin daitezkeela, nahi izanez gero.
Datu etsigarri bezala, gainera, iluntzen duen ordua punturik altuenera iritsi arte, oraindik egun batzuk igaro behar dira.
Baina ez gaitezen negatiboak izan, zerbait ona izango duelako… Gure etxean elektrizitate kontsumoa handitu egingo da, kalean arratsaldean ibiltzea desatseginagoa izango da… Ez, oso zaila egiten zait aldaketa honi zerbait ona ikustea.
Bere garaian komentatu zidaten orokorrean energia kontsumoa ez hain handia izateko zela aldaketa hau, baina oraindik konbentzitu gabe jarraitzen dut.
Zerbait ona aurkitzen badiot honi… Izan daiteke aitzakia dugula kalera ez ateratzeko eta sofan eserita manta azpian kultura ordu luzez kontsumitu ahal dugula. Gainera, denok dakigu gaur egun esku-eskura ditugula hamaika baliabide oso entretenituta egoteko, giro hobeagoa heldu arte.
Beraz, jarraituko dugu murgilduta gauden proiektuetan eta kaletik aldenduko gara denbora batez, baina itzuliko gara, zutabe honetara noizean behin itzultzen naizen bezala.
Hurrengo zutabera arte, negu giro on!