Erabat aldatu zaizkigu denoi urte hasieretan egiten ditugun planak.
Baina egia da, baita ere, zorionez, aukera izan dugula gauza berriak egiteko eta probatzeko.
Inoiz baino indar handiagoa izan du barne turismoa egiteak, adibidez. Oporretan atzerrira joateko ohitura, 2020. honetan, birmoldatu egin behar izan dugu.
Urteetan pisu handia izan duten ekitaldiek ere jasan dituzte pandemiaren ondorioak.
Adibidez, kirolzalea naizen aldetik, txirrindularitzako egutegiak erabat aldatu dira aurreko urteekiko.
Zeinek esango zigun, urte hasieran, Frantziako Tourra abuztuko azken aste bukaeran hasiko zela eta Kontxako estropadak egin baino geroago amaituko zela?
Zeinek esango zidan Tropela elkartean egiten dudan kolaborazioari esker aukera agertuko zitzaidala zuzenean etapen gorabeheren berri emateko irratiaren bidez?
Sortu diren aukera pentsaezin horien artean, hori bizitzeko parada izan dut. Roglic, Bernal, Landa, Pogaçar… eta abarren ingurukoak uhinen bitartez hedatuz disfrutatu dut, profesional onenek lagunduta.
Martxoan eta apirilean, askok ez genituen ikusten txirrindulariak Nizatik irteten. Horrez gain, bi gurpilen gainean joan dira Frantzia osoan zehar eta ezbehar larririk gabe egunerokoari aurre egin ahal izan diote txirrindulariek.
Zorionez, Parisera helduko dira, eta horrek erakutsi digu gauza batzuek, konfinamendu gaia gora edo behera, zutik jarraituko dutela.
Aprobetxa dezagun datorren udazkena ahalik eta erarik positiboenean.