Hemen doa nirea GOIENAko leku honetan. Ea zer iruditzen zaizuen.
Pena daukat. Zutabe hau idatzi behar dut greba aurreko egunetan. Ziurtzat jotzen dut irailaren 25ean milaka langile kalera aterako direla murrizketen aurka. Beste gauza asko esan ditzaket egun horretan gerta daitezkeenak, baina, agian, hurrengo baterako utziko dut.
Estreinaldien haria jarraituz, hauek izaten dira egun hauetan Donostian, baina gure eguneroko bizitzan ere bai. Donostian Hollywood mailako distira da nagusi. Maria Kristina aktoreen bilgune bihurtzen da eta Donostiako hotelik elitistenetakoak protagonismoa hartzen du, beste ekintza batzuk bigarren plano batean utziz. Lehengo egunean ikusi nuen ba omen dagoela Zinemaldi alternatibo bat. Gaztetxe batean gauzatzen da.
Ikasleek ikasturtea estreinatzen dute. Materiala estreinatuz. Aurten, agian, inoiz baino gehiago berrerabili beharko dute eskolako materiala BEZaren neurriz gaineko igoerarengatik –irailaren 1etik aurrera %4tik %21era igo ziren produktu askotan.
Jende askok proposamen lista berriak estreinatzen ditu helburuak izateko, gutxienez, urte amaierara arte: ariketa fisikoa egin egunero, hizkuntza ikastaro batean izena eman, kioskoetan azaltzen diren bildumetako bat amaitzea...
Eta hala ere, lan egitea tokatzen da. Aurrera egin beharra dago, ahaztu gabe iragana, noski. Krisi ekonomikoak egunetik egunera gero eta jende gehiago kolpatzen du. Istorio gogorrak egunkarietan ohiko bilakatu dira.
Ikasturte berriarekin batera portugesek erakutsi digute bidea gobernu zentraletatik –edo nazioarteko bankuetatik– inposatzen dituzten neurriak bertan behera utz daitezkeela. Ez soilik greba egun solteekin, borroka plan erabakigarri batekin. Eta garrantzitsuena: kalean.