Kontsumismo adiktiboa

Kontsumismoa, "beharrezkoak ez ditugun ondasunak kontsumitzeko neurrigabeko joera"; XX. mendean garatutako fenomenoa, gure sistema ekonomikoaren funtsezko elementua.

Planetaren osasunerako kaltegarria izateaz haratago, gizakiarengan ere badu eragin psikologikoa. Europako kontsumitzaileen heren batek kontrolik gabeko erosketa arazoak omen ditu, eta hausnartu gabeko kontsumoarekiko mendekotasun-maila handia.

Adibide argia arropen kontsumismo adiktiboa da. Urtero, 100.000 milioi arropa baino gehiago ekoizten dira –azken 20 urteetako bikoitza–. Fast fashion moda azkarraren ondorioz, tendentziak aldatzen doazen abiadura berean areagotzen da kontsumismoa, eta jantzi bakoitzaren bizi-denbora laburtu.

Eta adikzio horren gorakadan eragina izan dute online erosketek eta horien itzulketa-mailaren gorakadak. Oro har, online erosketen itzulketa-tasa aurrez aurreko erosketena baino altuagoa da, Internet bidez inpultsiboki erostea errazagoa delako eta, sarri, behar ez ditugun produktuak eskuratzen ditugulako. Baina azkenaldian, tasa horrek gora egin du –%20-30etik %75era hainbat arropa markatan–. Arrazoiak? Enpresa askoren itzulketa-politika eskuzabala, besteak beste.

Baina non bukatzen dute itzulpen horietako askok? Hainbat enpresarentzat negozio-aukera berriak ekarri ditu kontsumismo eta itzulketa masibo honen fenomenoak. Gero eta gehiago dira arropa edota beste produktu batzuekin loteak osatu eta salgai jartzen dituztenak, produktua dendara bueltatzeak duen kostua baino errentagarriagoa izan omen da-eta askotan.

Baina artikulu asko ez dira inoiz salmenta-zirkuitura bueltatzen; Txileko Atacamako desertua bezalako arropa baztertuen zabortegietan amaitzen da beraien bizi-zikloa, moda azkar eta merkearen produkzio bizkorrari esker. Arropen hiru bostenek zabortegietan amaitzen dute, ekoizten direnetik urtebeteko epean. Hurrengoa erosten dugunean, beharbada, birritan pentsatzea komeni.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak