Munduko erlijio eta kultura ezberdinetako milioika pertsonak ospatu ditugu Gabonak; guztiek ere, ziurrenik, orain urtebete egindako promesak –zaharrak berri– errepikatzeko parada hartuta, urte berrirako desiorik onenen esperoan, ametsak beteko zaizkigun itxaropenean.
Joan dira Gabonak, eta urte zaharra ere joan zaigu, 2024ari lekukoa utzita; utzi ditu, baina, arrastoak herentzian. Sarrionandiak idatzi du: "... badoa betiko urte zaharra, hartu ona, baztertu txarra, eutsi pozari, utzi negarra...". Baina badirudi mundua ez dela oraingoan ere txarra baztertzeko gai izan. Ukrainako gerrak bi urte beteko ditu otsailean eta Gazakoak txarrera egiten dihardu; ez dira bakarrak, ordea. Beste zazpi herrialdetan ere badira une honetan gatazka armatu oso larriak.
Ezer berririk ez 2024an ere, zaharrak berri.