Berritu, ekin, eraldatu

Wikipediaren arabera, ekintzailea da ondasun eta zerbitzu berriak sortu, modu berritzaile batez merkaturatu edota ekoizpen edo kudeaketa-metodo berriak asmatu eta aplikatzeari sutsuki ekiten dion pertsona; pasioarekin, berrikuntzarekin eta aldaketarekin lotzen den pertsona.

Kudeaketaren aita eta enpresa munduko pentsalari Peter Drucker-en hitzetan ere, "ekintzaileak beti bilatzen du aldaketa".

GEM-Global Entrepreneurship Monitor delakoaren arabera, 582 milioi ekintzaile omen daude munduan. Horietako batzuk Euskal Herrian, duda barik!

Ekintzailetza bultzatzeko, egitasmo, lehiaketa eta ekimen ugari antolatzen dituzte administrazio eta erakunde ugarik gure Herrian, eta horietako sari-banaketa ekitaldi baten egotea suertatu zait orain gutxi. Benetan pozgarriak bertan ikusi eta entzundakoak.

Beti horrela egin izan da pentsamoldea gainditu, norberaren konfort-gunetik aldendu eta gizarte hobeagoa eraikitzen lagunduko duten proiektu berritzaileak aurkeztu zituzten hainbat gaztek. Ilusioz ekindako proiektuak, ezagutzaz eta talentuaz gain bihotza daukaten proiektuak; proiektu sozialak, jasangarritasunari loturikoak, inklusioa lantzen dutenak eta, oro har, gaur egungo eta etorkizuneko gizarteak izango dituen hainbat arazo eta erronkari erantzuteko sorturikoak.

Talentu, pasio eta energia amaigabea islatzen zuten gazte ekintzaile guztiek. Sarri etorkizuna laino beltzez irudikatzen dugun arren, uste dut badaukagula hodei horietan izpi-argiak marrazteko behar ditugun pintzelak, urratsez urrats mundua eraldatzen lagunduko dutenak. Eraldaketarako ez baitira ezinbestean proiektu eta ekintza ikaragarriak behar, maiz handitasuna txikitasunetik lortzen delako.

Izan gaitezen, beraz, ekintzaile, beti horrela egin izan dut leloa gaindituz eta ekimen xumeei ekinez, gauza txikiak aldatuz eta, betiere, egiten dugun guztian ilusio eta pasioa jarriz.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak