Opor osteko sindromerik?

Iraila. Oporrak amaitu dira. Heldu da opor aurreko errutinara bueltatzeko unea eta asko, opor osteko sindromearekin! Baina benetako sindrome bat al da edota, gauza guztiei izen bat jartzeko tendentziari jarraiki, egoera iragankor bat azaltzeko asmatu dugun hitz potoloa?

Wikipediaren hitzetan, oporretatik lanera itzultzerakoan eman beharreko adaptazio prozesuak porrot egiterakoan gertatzen den egoera da. Adituen hitzetan, sindromeak patologia edo gaixotasun bat ezaugarritzen duten sintomak dira eta, ondorioz, oporren amaierak askorengan eragiten dituen sintoma fisiko nahiz psikikoak –nekea, tentsioa, lo egin ezina, gose eza, urduritasuna, haserrekortasuna, tristura…– ezin dira sindrometzat hartu; klinikoki existitzen ez den sindromea da; gehienez, opor osteko ajea. Halere, sindromea existitu ala ez, pertsona ugarik pairatzen dituzte sintoma horiek; Europan %29 diren bitartean, Espainiako Estatutan %37 dira. Zergatik alde hau? Gainontzeko europarrak baino nagikeria gehiago al daukagu? Edota opor luzeagoak ditugulako ote?

Guztiz iragankorra dela demostratuta dagoen arren –ez du astebete baino gehiago irauten–, badira horrelako egoerak errazago gainditzeko hainbat gomendio; besteak beste, erritmo lasaian hastea lanean, nahikoa lo egitea, kirola egitea, eta abar. Hurrengo oporretan pentsatzen hastea ere gomendatzen dute batzuek, baina kontuz! Behin lanean hasita, ez gero hurrengo ostiral, zubi edota oporrei begira bizi, lan-astea noiz bukatuko irrikan, konturatu orduko bizitza ere azkar baten pasako zaigu eta!

Beraz, aurreko gomendioez gain, beste hauek nahiago: hasi berri dugun ikasturteari ilusioz ekin, urte osoan zehar egin ditzakezun gauza zoragarrietan pentsatuz, gustuko ditugun ekimenei eutsi, lana satisfazio iturri gisa ikusi eta, batez ere, pozik egon eta lanarekiko eta, oro har, bizitzarekiko jarrera baikor eta positiboa izan!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak