Kafeaz gozatzen ala katiluaz?

Exekutibo talde arrakastatsu bat bere maisu zaharrarekin elkartu zen.

Elkar agurtu ondoren eta bizi zuten bizitza lanpetu eta estresatuaren ondorioz familiaz gozatu eta lagunekin kafe bat ere hartzeko aukerarik ez zutenaren inguruko kexuak partekatu ondoren, maisua kafea prestatzera jaiki zen. 

Erretilu baten jarri zituen kafe-ontzia eta mota ezberdineko hainbat kafe-katilu: zaharrak, berriak, zeramikazkoak, plastikozkoak, lorez apaindutakoak, itsusiak... Kafea zerbitzatzen hasi zen, bakoitzari nahi zuen katilua har zezala eskatuz.

Denek hartu zuten katilu bana eta elkarri begiratu zioten, errezeloz, batik bat katilurik onenak hartzeko aukerarik izan ez zutenek.

Maisuak, kafea isuri bezain pronto, irribarrez galdetu zien: konturatu zarete katilu guztiak ezberdinak direla? Lehenengo aukeratu duzuenek onena iruditu zaizuena hartu duzue eta azkenek gelditzen zirenekin konformatu beharra izan duzue, gainontzekoei inbidiaz begiratuz.

Katiluak dira zuen estresaren arrazoi. Lana, dirua, gauza materialak, izan nahi dugun posizioa… horiek gure bizitzan benetan garrantzitsuak diren gauzak biltzen dituzten katiluak dira, baina katiluak ez dio kafeari kalitaterik gehitzen. Guztion katiluetan isuri dizuedan kafea berdina izan da eta zuen nahia, ametsa, ilusioa, horrenbeste urte ondoren elkarrekin kafea hartzea zen arren, katilurik onenaren bila joan zarete. Eta lortu ez duzuenek besteekiko inbidia sentitu duzue.

Bizitza kafea da. Pertsonarik zoriontsuenak ez dira katilurik onenak dituztenak, baizik eta daukatenarekin onena egiten dakitenak. Daukaten horri balioa ematen dakitenak, eguneroko gauza txikiez disfrutatzen dakitenak. Azken finean, zaharkitutako katiluan dagoen kafe goxoaz dastatu eta gozatzen dakitenak.

Ba al dakigu gure bizitzako kafea eta katiluak ondo bereizten? Saia gaitezen behintzat!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak