Ez dut nire bizitza konplikatzeko asmorik, eta, gutxiago, Antzuola moduko herri txiki batean, denok ezagutu eta elkar agurtzen dugun habian.
Horregatik, ez dut Gazako sarraskiari buruz hitz egingo. Berez, dena esanda dago herrian egin diren elkartasun adierazpenekin, manifestaldi jendetsuekin eta balkoietan zintzilikatu diren banderekin –baita herriko ikastetxean ere–. Orain, ez al da inor animatzen Ukrainako banderatxo bat jartzera Palestinakoaren ondoan? Bengaaa… Horko umeak ere nahiko arazorekin omen dabiltza beste negu bat kalefakzio eta argirik gabe.
Eta, nola ez, okurritu ere ez zait egiten super tabu bihurtzen ari den gaiaz hitz egitea. Erdaraz esaten den moduan, el elefante en la habitación. Izan ere, nor animatzen da Antzuola moduko herri batean ETAk horrenbeste urtetan hainbat familiari sortutako sufrikarioa publikoki gaitzestera? Ni ez, behintzat.