Maite zaitugu

Une latz hauek bizi beharko genituela imajinatzen ez genuen arren, bizitzak amildegi horri aurre egitera behartu gaitu.

Etengabe galdetzen diogu gure buruari nola beteko ote dugun Arratek utzitako hutsunea. Ohartu gara, ordea, hutsuneak bete baino gehiago, beraiekin bizitzen ikasi behar dugula; ahaleginduko gara horretan. 

Esaldi hauek baliatu nahiko genituzke denbora honetan guztian jaso dugun babesa eskertzeko. Egoera gogor honen aurrean, zuen maitasunaz ari gara ateratzen indarra zegoenik ere ez genekien lekuetatik.

Ospitaletik hasi eta etxeraino, ezergatik aldatuko ez genituzkeen bidelagunak izan ditugu osasungintza publikoan. 

Hautu argi bat egin zuen Arratek hasieratik: betidanik babestu eta beste askorekin batera eraiki duen kalitatezko zerbitzu integralaren esku uztea bere bizitza. Gaur, ziurtasun osoz diogu erabaki egokia izan dela, ezin baitugu hitzez deskribatu arlo publikotik jaso dugun zerbitzuaren kalitatea eta gertutasuna. 

Mila esker prozesu honetan zuen onena eman duzuen profesional guztiei, bereziki Arrasateko etxeko ospitalizazio unitatetik jaso dugun hurbiltasunagatik eta goxotasunagatik.

Eskerrik asko, bazterketarik egin gabe, herritar guztiontzako osasungintza publiko duinean sinetsi eta haren alde borrokatzen zaretenoi. Guztion eskuetan dago herritar ororen oinarrizko eskubide hau baldintza egokietan egikaritzea. Eta apustu hori ekonomikoki ere egin behar da, instituzioek beraien partetik eta herritarrok guretik. 

Barruan gordeta ditugu herri honen etorkizuna diren haurrek Arraterentzat egindako marrazki guztiak, oparitutako irribarre bakoitza eta ilusio begirada guztiak. Zaindu ditzagun haiek, eta zaindu ditzagun gure buruak.

Ama, miresten dogu minbizixari aurre egitteko euki dozun ausardixia. Eman doskuzun indar horrekin gogoratuko zaittugu eta egingo dogu aurrera.

Mila esker lagunok.

Gozatu bizitza!

----------

Iñigo San Miguel Zubizarreta

(Arrate Bengoaren senideen izenean)

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak