Zein eskaintza aberatsa hain lurralde txikian! Debagoienetik irten gabe, asteburu arrunt batean hiruzpalau kontzertu ikusteko aukera daukagu. Jaialdi, festa eta ekitaldi handietako kontzertuetan ere jendetza batzen da, eta edonor itotzeko moduko jende-olatuak osatzen dira publikoan. Badago musikarekiko zaletasuna. Baina jende bera al da gaztetxeen eszena sostengatzen duena eta BEC betetzen duena? Bakoitzak jakingo du zein eszena elikatzen duen. Ez dago oso argia izan beharrik jakiteko ekitaldi bakoitzaren atzean nortzuk dauden. Eta nor dagoen "artearekiko maitasunagatik" lanean eta nor diru bila. Eska nezake ekitaldi jakin batzuen boikota, haiei esker aberasten ari direlako bankuak, promotore handien atzeko putre-funtsak eta bestelako mafiak, baina ez nuke askorik lortuko. Gainera, denok dauzkagu kontraesanak.
Dena dela, musikazale maite, jakin ezazu irratiko, jaialdi handietako eta taberna gehienetako musikaz gain, euskal musikari zoragarri pila bat daukazula bestelako proposamenak aurkezteko prest. Zaindu dezagun gure altxorra!