Etxera bueltan, denak ez horratio!

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Arregi 2016ko urt. 8a, 10:43

Abenduan Goienak argitaratu zuen erreportajea irakurri ondoren idazteko sortu zitzaidan beharrari nahi nioke bide eman: "Etxera bueltan, denak ez horratio!".

Lerro hauek irakurtzen hasi aurretik argi utzi nahi dut ez naizela erreportajea salatu, zuzendu edo osatu nahian ari. Aitzitik, aberasgarria iruditzen baitzait urtean zehar atzerrian lan edo bizi direnen eskualdeko herritarrei buruzko informazioa eta erreportajea argitara ekartzea.

Baina hizki larriz idatzirik zeuden lehen lerro haiek irakurtzeaz bat, bihotzean piztu zitzaidan su txikiaren berotasunak arnasa azkartu zidan. Eta nire burua, istant batez, ahotsik eta argazkirik ez duten horien aurpegien oroitzapenean iltzatu zen; eskubidea izanik ere, etxera, herrira edo bere ingurune hurbilera etortzerik ez duten euskal presoenean, alegia.

Beste askoren artean, baina, bereziki, Euskal Herritik milaka kilometrotara dauden bi bergararren aurpegietan; Gaztelu eta Askasibarrenean.

Horregatik, eta Goienak astero-astero gure iritziak argitaratzeko eskaintzen digun tartetxoan, bi kide hauen zein Euskal Preso Politikoen Kolektiboa (EPPK) osatzen duten beste laurehun eta zortzi kideen espetxeko bizimodua-ri buruzko erreportajea egiteko baino gehiago, ukatzen dizkieten oinarrizko eskubideak salatu eta hauen aldarria nire egin eta zuei helarazteko baliatuko dut.

EPPK osatzen duten euskal presoak preso politikoak dira eta honako eskubide hauetan   oinarritzen da euren  aldarria:

Tratu duin eta begirunezkoa jasotzeko eskubidea; ez isolamendu eta ez jipoirik. Osasun zainketa duina izateko eskubidea. Senideen, lagunen eta abokatuen bisitak, gutun eta bestelako komunikazio bideak euskaraz egiteko eta ez interbenitzeko eta ezta murrizteko eskubidea. Ikasketak burutzeko eskubidea. Duintasun osoz ama eta aita izateko eskubidea. Askatasunerako eskubidea; zigorraren hiru laurdenak edota bi herenak bete dituzten presoei baldintzapeko askatasuna aplikatzea. Legez dagozkien erredentzioak aplikatzea eta larriki gaixo direnen berehalako kaleratzea.  Euskal Preso Politikoen Kolektibo gisa, Euskal Herrian bizitzeko eskubidea bermatzea eta kolektiboak izendaturik dituen Mintzakidetzaren aitortza eta gainerako eragileekin harremanak izateko askatasuna.

Amaitzeko, elkarrekin horrenbeste kilometro, pasarte eta bizipen elkarbanatu ditugun senideak ere ez nituzke aipatu gabe utzi nahi. 

Doakiela nire besarkada eta muxurik goxoena Eguberrietan etxera bueltan etorri ezin duten horien senide eta lagunei.

Eta zuri, irakurle, datorren urtarrilaren 9an preso politikoen eskubideen alde eta Euskal Herriratzearen alde Bilbon egingo den Mugi daitezen harriak manifestaziora animatu nahi zintuzket.

Amnistia eta autodeterminazioaren lortze bidean, euskal preso politiko gisa dagozkien eskubideen alde elkartzean baitatza etxera bueltan ekartzeko bermea.

----------

Iñigo Arregi

(Bergarako euskal preso politikoen aldeko elkartasun taldeko kidea)

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak