Azken saioa

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Goitia 2022ko azaroaren 20a

Ohore guztiekin aurkeztu ninduten, gertaera historiko baten aitzinean zeudela jakitun baleude bezala.

Jarraian, gorputzaren ibilgetzeari ekiteko eskatu nion nire laguntzaile adeitsuari; alkandora hertsagarri bat jantzi, oinetan zein eskuetan girgiluak jarri eta gorputza kateatu zidan hilkutxan etzan eta tapa itxi baino lehenago. 

Guztiarekin ere, gizon indartsuaren laguntza behar izan zuen –zeina bere kamerinoan zegoen emanaldiak ekarri zion esfortzutik atseden hartzen– hilkutxaren gainean harkaitz astun bat jarri ahal izateko. 

Azkenik, pirañez jositako ontzi hermetiko eta garden hartan urperatu ninduen. 

"Gero eta zailagoa da mundu hau aho bete hortz uztea", esan nuen nire baitan, eta azken pentsamendu horrekin ito nintzen. 

Ikusleen aharrausien artean laguntzaileak nire gorpua erretiratzen zuen bitartean, nire arimak –beste mundu bateko eskapismo saio baten protagonista izan ondoren– behin eta berriro egiten zuen erreberentzia eszenatokiaren erdian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak