Ez dabil hiritarren begirada umezurtzengandik ihesi, hauei bizkarra emanda bizi baita; baina bai bere kontzientzia estreinatu berriaren begirada inkisitiboarengandik.
Ez dabil legearengandik ihesi, bera baita legea; dura lex, sed lex, pentsatzen du berekiko, bere burua zuritze aldera edo. Beti gogoko duena egitera ohituta, badu lekuan gelditzerik.
Baina ihesi doa. Ihesi, ihesi eta ihesi. Atzean utzi du hiria –"bere hiria"–, eta basoan barneratu da kontsolamendu egarriz. Eskuak odolez zikindurik dituenaren basamortu etsaia aurkitu du, ordea.
Guztiarekin ere, ez du bakerik gailurra zapaldu arte. Bertan, gorenean, bere etsipena oihukatu du lau haizeetara ihes egin ezin zaion gauza bakarrari ihesi diharduela ohartzean.