—Hori al da guztia?
—Giza eboluzioaren etapak, hori jartzen du hemen.
—Eta hau zer? —galdetu du zuhaitzetik begira duten txinpantze bat seinalatzen duen bitartean.
—Eboluzionatzen jakin ez zuen tximu arrunt bat omen da —dio behean duen errotulua irakurri ondoren.
—Tximu ergela! Bien barre-algara sardonikoak ingurune guztian durunda egin du. Tximino antzeko imitazio zakar bat egin dute jarraian, kristala bortizki kolpatzen duten bitartean, eztarriko hots ozenez lagunduta. Ondoren, zoologikoa bisitatzen jarraitu dute.
—U-u, a-a, u-u-u, a-a, u-a-a, u-u-a, a-a!* —garrasi egin du txinpantzeak amaigabeko begitarte goibel batez.
*Hona hemen gizakia. Bere ergelkerian behinola zuhaitzetik jaitsi zela sinetsita dago. Zein barregarri sentituko litzatekeen jakingo balu ez zela zuhaitzetik jaitsi, erori baizik.