Euskara, selektibitatea, justizia…

Erabiltzailearen aurpegia Inazio Narbaiza 2026ko uztailaren 14a

Ez dakit benetan kontziente garen Bilboko auzitegi batzuek selektibitateaz –orain USaP– eman duten epaiaren larritasunaz.

Ia berrogei urtetan nire ikasleak selektibitaterako gogoz prestatzen aritua naiz, inoiz selektibitateko azterketen zuzentzailea ere bai. 

Kontuan hartuta USaP proba zuzentzeko irizpideak publikoak direla, salatutako azterketak berraztertuta izan direla –beste zuzentzaile batzuek eginda– eta nota aldaketak ez direla oso handiak izan, honako hauek ondorioztatzen ditut: salaketa jarritako ikasleen euskara-maila oso-oso eskasa da, ez zuketen USaPera aurkeztu behar, ezta batxilergo titulurik izan. Euren euskara irakasleek eta, bide batez, ikastetxe horietako zuzendaritzek ez dute legea betetzen. Bilboko epaileok, entzun! Ez dute legea betetzen. Epaileen astakeria horrek dena hankaz gora uzten du. Azkenengo epaia alde batera zein bestera izan, ondorioak ikaragarri negatiboak dira. Zintzo jokatu duten ikasleei, batez ere, baita irakasleei, ikastetxeei eta EHUri egindako kaltea, honezkero, konponezina da. Euskara, justizia, politika… nola gauden!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak