Orduan, zergatik kezkatu? Botoen bidez gutxi irabazteko dutela jakinik, badirudi beste bide batzuk jorratzen ari direla. Infiltratzeko bide hauek, gainera, ez dira hutsalak. Martxelo Otamendik (Berria, 25-07-31) honela zioen azken urteetan Ertzaintzan sartutakoei buruz: "Asko politikoki Espainiako eskuinarekin eta eskuin muturrarekin lerratuta". Agian, horrela uler litezke Ertzaintzaren zenbait esku-hartze. Bestetik, benetan harritzekoa da eskuin muturrak komunikabideetan eta sare sozialetan duen presentzia.
Arlo honetan benetan deigarria egiten zait Bernedo kasua. Vox, Abogados Cristianos, Vocento –harro esaten gaia eurek azaleratu dutela– eta beste hainbat, jakinik edo jakin gabe, sorgin ehiza honetan lerratu dira; Goienan bertan, Oihan Vega (25-11-14). Zenbat aldiz publikatu da salaketen kontua? Zenbat aldiz Bernedoko hezitzaileen edo bere aldeko gurasoen adierazpenak? Bat nator Puntua-n M. Deograciasek esandakoaz: "Serio hartu ezean, harrapatu egingo gaitu olatuak, eta gainetik pasa, eta gero…".