Salneurriak, askotan, gehiegizkoak. Salmentan oso etxebizitza gutxi, hutsik dezente egon arren… Panorama benetan eskasa; batez ere, gazteentzat. Bestetik, herri osoan zehar hutsik dauden etxabeak gero eta gehiago dira, egoera komertzial tamalgarri baten ondorioz. Zergatik ez ditugu bi egoera negatibo horiek uztartzen beste positiboago bat bultzatzeko? Alegia, etxabeak etxebizitza bihurtzea. Estatuko beste leku batzuetan, Europan zehar eta, pentsatzekoa denez, mundu osoan etxabe-etxebizitza ugari daude. Badaude Bergaran ere adibide elegante batzuk, Barrenkalea 19 edo Masterreka 30 kasu. Zergatik ez daude askoz gehiago? Besteak beste, udal arautegiak ez duelako aldaketa hori errazten; kontrakoa esango nuke: oztopo gogorrak jartzen ditu. Beraz, zer egin? Ahal dela, arautegi horri buelta bat eman eta, bergarar askoren iritzi-ildoari jarraituz, etxabeak etxebizitza bihurtzeko prozesua erraztu.
San Martzial egun handia ate joka dugu. Ea egun horren xarmak ardura duten buruetan eragin egokia duen eta gai honi bultzakada ematen zaion.