Kontua zera da, badirudi derrigortuta gaudela nonbaitera joateko. Ala joan garela ingurukoei esateko eta erakusteko. Nola gozatzen dugu gehiago, oporretan bertan ala Insta-ra igotzen, lagunei argazkiak bidaltzen? Nonbaitera bagoaz eta inor ez bada enteratzen, gure bidaiak ba al du zentzurik? Egia da badela jende dezente oporretara doala ere familiakoei edota gertukoei laguntzearren, kalterik ez egiteko… "Herria zaintzen" gelditzen dira beste batzuk. A ze espresio interesantea, herria sasoi honetan bakarrik zaindu beharko bagenu bezala.
"Herria zaintzen" gelditu naizen batzuetan zera sumatu dut Bergaran gelditutakoen artean, urtean zehar bizitzen ez dugun gertutasuna eta konplizitatea. Sekula beraiekin hitz egin gabeko pertsonak zure lagun bihurtu eta eguerdia pasata, arratsalde aldera elkarrekin bazkaltzen izatea. Bergarartasuna bizitzeko beste modu bat ote? Eta hitz hori idazterakoan, San Martzial datorkit gogora. Badago bergararrik egun horretan oporretara doanik? Besarkada estu bat Asturiestik.